XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. GURE LITERATURA KLASIKOA

XVI MENDEA. ETXEPARE. LEHEN ITZULPENAK

Idatzizko euskal literaturaren hastapenak XVI mendean ezarri behar dira, bai mende honetan, bai hurrengoan, Iparraldeko idazleen nagusitasuna, hegemonia, erabatekoa delarik.

Gure lehen idazleak plazaratu zireneko mendean aldaketa handiak gertatu ziren arlo guztietan, eta berauek ere horietan murgildurik izan ziren.

Europan zehar herri hizkuntzen aldeko korronteak nabariak ziren, latina ordezkatuz idatzizko zereginetan nagusitzen ari zirelarik.

Gurean, Bernat Etxeparek eutsi zion lehenengoz erronka horri.

Bestalde, erlijioari dagokionez ere, garrantzizko aldaketak gertatu ziren: batetik, 1545ean egin zen Trentoko Kontzilioa, gerora Elizaren jokabide zurrunagoa ekarriko zuena; bestetik, Joana Albreteko nafar erreginak erreforma protestantea Ipar Euskal Herrian hedatzeko saioa burutu zuen, honetarako liturgi liburuak euskaraz prestaraziz.

Bada, horrela, XVI mendean, goi mailako poeta batekin abiatzen dira gure letrak: Bernat Etxepare.

Bera da euskarazko lehen liburuaren egilea eta mende honetan ezagutzen dugun poeta bakarra, nahiz eta gehiago ere izan ziren: hurrengo mendeko Oihenart idazle zuberotarrak Logras eta Etxegarai poetak aipatzen ditu bere obra batean baina, zoritxarrez, Etxepareren obra baino ez da iritsi gure egunetara.

Prosaren sorrera, berriz, Leizarragari zor diogu, euskararako lehen itzulpenen bidez hizkuntz eredu bat trebeki moldatu zuena.

Hala ere, Leizarragak ez zuen eskolarik sortu eta, jarraitzailerik gabe, bere hizkuntz eredu landua bazterturik geratu zen.

- Bernat Etxepare, gure lehen poeta eta idazle

Berze jendek uste zuten
ezin skriba zaiteien;
orai dute forogatu
enganatu zirela.
Euskara,
jalgi hadi mundura.

Euskaraz idatziriko eta inprimaturiko lehen liburuko poema zati bat dugu.

Bertso honek halako harrotasunak eta barne pozak eraginda dirudi; ordura arte inork egin gabea gauzatzera zetorrelako kontzientziaren adierazle da.

Linguae Vasconum Primitiae da liburuaren izenburua, hau da, Euskaldunen hizkuntzaren hastapenak, egileak bere obra hau euskal letretako lehena dela aldarrikatzen duelarik.

Sarreran kezka honen azalpena irakur dezakegu, liburua argitaratzen lagundu zion Bernat Leheteri zuzendutako pasartean: